XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nolabait, patuak erabilitako pertsonaia sentitzen nintzen.

Niregan ez zen ia ezer aldatu, eta lehengo bizimodura itzuli nintzen: ordu batzu jolasetako aretoan, beste batzu futbolean, eta horrela.

Irenerekin gero eta gehiago ematen nituen orduak ahaztu gabe, jakina.

Paseatzera ateratzen ginen, lagunekin batzutan, baina bakarrik ere bai; jendeak nobioak ginela esaten zuen, baina gu ez ginen hala sentitzen.

Gehiago zen bizitzan bide berriak deskubritu izanaren harridura eta atsegina.

Gasolindegiaren gertaera hartatik egun batzu pasatu zirenean, eskolako patioan geundela, Iñaki hurbildu zitzaidan, misterio handiz baina bestetan baino askoz ere apalago:

- Epa, Martin, famatu egin haiz, e? - esan zidan lagunartekoa izan nahi zuen doinuz, eta nire ondo-ondora etorri zen

- Bai, zuen kontura, badakik - hori entzutean alarma aurpegia jarri zuen, baina segituan lasaitu nuen - ; ez kezkatu, orain arte ez badut ezer esan, nola salatuko zaituztet orain.

Lasai egon zaitezkete, eta ez didazue ezertxo ere zor.

Polizia egun batzutan arituko duk lapurrak alferrik bilatzen, eta gero ahaztu egingo diate.

- Beno, hori esan behar nian: koadrilakoak eta nik ere bai eskerrak eman nahi dizkiagu guregatik (...)